Artezteko makina zilindrikoen ezaugarriak
Artikulu honetan
Metal-mekanikako industrian hiru mekanizazio mota daude: txirbil-harroketa bidezkoa, txirbil-harroketarik gabekoa eta urradura bidezkoa. Azken hori harri urratzailea izeneko tresna batekin egiten da, eta haren helburua da aldez aurretik beste mekanizazio-prozesu bat (hala nola tornuketa edo fresaketa) jasan duen pieza baten soberako materiala kentzea. Urradura bidezko mekanizaziorako makina-erreminta espezifikoak erabiltzen dira, artezteko makinak izenekoak.
Urradura bidezko mekanizazioa
Artezteko makinen ezaugarria da material kantitate txikiak kentzen dituztela, txirbil-harroketa bidez mekanizatzen duten beste makina-erreminta batzuek ez bezala. Artezketa tolerantzia espezifikoak behar dituzten eta teknika honen bidez hobetu behar diren piezen akabera-prozesu bat da. Akaberaren hobekuntzak ezaugarri dimentsionalak (diametroa, luzera eta angeluak); geometrikoak (paralelotasuna, perpendikulartasuna, kontzentrikotasuna) edo gainazaleko akaberakoak (zimurtasuna, marraduren norabidea) izan ditzake.
Urradura zehaztasuneko mekanizaziotzat hartzen da, eta teknika motela da; beste bide batzuetatik mekanizatu ezin diren material oso gogorrak lantzen dira harekin. Halaber, beste prozesu batzuen bidez (hala nola zulaketa, tornuketa, fresaketa eta abar) lortu ezin diren akabera zehatzak behar dituzten piezak lantzen ditu.
Artezteko makinek armazoi bat dute, eta bertan dago harri urratzailea, higaduraren, beroaren eta hausturaren aurkakoa; harri urratzaileek minutuko 30.000 birara (rpm) arte irits daitezke. Piezen ezaugarrien arabera, hauek dira artezteko makina mota batzuk:
- Lautzaileak edo tangentzialak, harria duen buru batekin eta pieza jartzeko luzetarako orga batekin. Matrizeak eta gainazal lauak artezteko erabiltzen da.
- Centerless edo puntarik gabeak, puntarik ez dutenak: artezteko makina mota hau neurri txikiko piezak lantzeko erabiltzen da, hala nola kasketak. Serieko ekoizpenerako aproposa da. Artezteko makina zilindriko mota bat da.
- Unibertsalak: ardatzen kanpoko diametroetan piezak mekanizatzeko erabiltzen dira.
Zer da artezteko makina zilindrikoa?
Makina-erreminta mota hau zehaztasun handiko urradura bidezko mekanizaziorako erabiltzen da, baina lapeatze eta leuntze eragiketetarako ere bai. Artezteko makina zilindrikoek onartzen dituzten piezak prozesu termikoen bidez gogortutako altzairuzkoak dira, eta aldez aurretik beste makina-erreminta batzuetan mekanizatuak izan dira. Lehen mekanizazio-prozesu baten ondoren, piezei soberako materiala uzten zaie, eta harri urratzaile baten laguntzaz soilik ken daiteke.
Artezteko makina zilindrikoek biraketa-ardatz zentral bat izatea dute ezaugarri, baina, aldi berean, artezteko makina mota hau hiru motatan banatzen da:
- Kanpokoak: pieza baten kanpoko gainazalak punten artean artezteko erabiltzen dira, eta piezaren biraketa onartzen dute. Harri urratzaileak norabide berean egiten du bira piezaren gainazalarekin kontaktuan sartzen denean.
- Barnekoak: horrela deitzen dira mekanizazioa piezaren barnean egiten delako. Artezteko makina zilindriko mota honetan, harri urratzailea piezaren zabalera baino txikiagoa da, eta pieza eraztun magnetiko batekin eusten da, mugitu ez dadin.
- Puntarik gabeak: pieza zilindriko txikiak artezten dituzte, hala nola kasketak. Artezteko makina mota honek bi harri urratzaile ditu, eta mekanizatu beharreko pieza haien artean jartzen da. Harri urratzaileek piezen aurkako norabidean egiten dute bira. Nabarmendu behar da artezteko makina mota honek bankada sendo bat duela, eta bertan bi buru daudela, orga gainean muntatuta. Harriak eragileak (finkoak) eta gidariak (tolesgarriak) izan daitezke.
Artezteko makina zilindrikoen ezaugarria da piezak biraketa-ardatz zentral bat izan behar duela; gainera, tamaina handiko makinak dira, eta harri-eusleko buruak abiadura desberdinak onar ditzake, piezen mekanizazio-beharretara egokitzeko.
Artezteko harriaren garrantzia
Artezteko makina zilindrikoen zatirik garrantzitsuena harri urratzailea da, artezteko harria ere deitua. Soberako materiala kentzeko erabiltzen den tresna da. Harri urratzaileek gogortasun handiko materialaren kantitate txikiak kentzeko gaitasuna dute, eta, horri esker, mekanizatu beharreko piezen neurriak txikiak izan daitezke. Ezaugarri horri esker, artezketak beste prozesu batzuekin (hala nola tornuketarekin) lortu ezin diren tolerantzia-mugak bete ditzake.
Harriek propietate nabarmenak dituzte. Hasteko, ebakitzeko aukera ematen duten ertz kopuru mugagabea dute. Gainera, noski, ale urratzailez osatuta daude, eta ale horiek, bakoitzak bere aldetik, material kantitate oso txikia kentzen dute; aleak aglomeratzaile edo lotzaile baten bidez lotzen dira. Harriaren ebaketa-puntuak ausaz kokatzen direnez, ezinezkoa da ale horietako bakoitzaren posizioa eta forma kontrolatzea. Tresna horiek oso erresistenteak izan behar dute; horregatik, material urratzaileekin egiten dira, hala nola korindoiarekin eta silizio-karburoarekin. Bestalde, artezketa-prozesuak energia asko kontsumitzen du: harriak energiaren % 10 kontsumitzen du, eta % 80 bero moduan galtzen da.
Lotutako makinak
Gama ikusi →Jarraitu irakurtzen
Artikuluak →Makineriarik behar duzu zure tailerrerako?
Konpromisorik gabe aholkatzen dizugu: erakustaldia gure instalazioetan, martxan jartzea eta zerbitzu tekniko propioa.







